XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mariano Ferrer-ek, aldiz, aizi honen inguruan, iritzi garbia du. Jendeak AEI kanpotik bizi izan du, politikari eta kazetarien kontua izango balitz bezala. Zenbait arlotan, eragin nabarmena izan du, eta horra hor, besterik gabe lazo urdinaren inguruan osatu den mugimendua. Baina herritarrek oso gainetik ezagutzen dute testu hori. Bai, jakin badakite ETAren kontrako zerbait dela, ETA bera gaitzesteko dokumentua dela, baina... ezer gutxi gehiago. Hala ere, nik uste dut, AEI hori baino askoz gehiago izan dela, zorionez gainera, baina praktika politikoak beste nonbaitetik abaiarazi du testu hau.

Emilio Alfaroren ustez, euskal gizarteak oso ongi hartu du testu hau. Ituna sinatu zenean, euskal gizartea etsiturik, nahigabeturik zegoen fenomeno honen aurrean. AEIk berriz, nolabaiteko lasaitasuna eskaini zion jendeari, hau da, helduleku sendo bati eusteko aukera paregabea. Paktua jendeak zituen nahikundeen ondorioa izan zen. Testu hau, gainera, oso baliagarria izan da gizarteak izan litzakeen presio eta beldurrak astintzeko.

10.- Euskal kazetariak libreak al dira, hau da, adierazpen askatasuna libreki erabiltzen dute ala presiopean bizi ote dira?

Jabier Salutregik ez du duda izpirik ere, Noski ezetz, ezinezkoa da libreki jardutea gaur egun Euskal Herrian. Gure kasuan bederen, era guztietako presioak jasaten ditugu, politikari, nahiz epaile eta etxe-iragarleen aldetik. Hori guztiz agerikoa da eta egunero nozitu behar izaten dugu. Adibidez, gure kazetak urte dexente darama instituzioen aldetik izugarrizko boikota jasaten, bai publizitateari dagokionez, baita informazioari dagokionez ere. Jarrera erasokor hori agintearen inguruan dabiltzan sektoreetan bakarrik topatzen dugu. Zorionez, ez da antzekorik somatzen bestelako giro profesional eta sozialetan.

Mariano Ferrer-ek presioak egon badirela aitortzen du. Dena dela, ni pribilegitua naiz, neure jarduera profesionalean ez baititut aparteko presiorik somatu. Kontuan izan behar da, nik ia beti hedabide txiki batean lan egin dudala. Nik pertsonalki esan dezaket, bertan askatasun osoz aritu naizela.